Maitasunez blai: preso baten laztan galduak. Nicolás Zimarro
Maitasunez blai. Preso baten laztan galduak urruntasunetik, bakardadetik, saminduratik eta ezintasunetik bizitako maitasunezko experientzia baten egoera ezberdinen adierazpen poetikoa dugu. Espetxe bateko lau hormen arteko hutsunean gertatzen da dena. Gela laiotz horretan ausentziaren lanbroak dira nagusi eta maitaleak hilobiaren gaua bizi du. Bertan, maitale bakartiak kutunak emandako musuen gatzerrea nekez sentitzen du azalean; eta oroimena betirako ihes egin duen olatu baten ustegabeko agurra agitu, maitasuna hezurretan izotz bilakatu eta ukitu ezin dituen lilien petaloak laztan galduak bihurtu zaizkio. Etsimena ateko kakotik dindilizka du maitaleak; eta etsimenak egunetako goiztiriak arantzen mailukadatan dakarzkio. Bereak egin du: kutunaren oinek zapaldu ezin duten espazio hutsa besterik ez dela eta kutuna bera nahiaren forma bitxia, laino bat buruan eta bihotzean orban tamalgarria dela ulertu baitu; aditu du poetaren ametsen egarria baretzen zuen ezpainen iturritik amapola urik ez duela berriro edango, maitasunaren bide latzean ibiltari zenean aldean zeramatzan zakutoek, sekula ere, ez dutela ez musurik ez itsaropenik hartuko eta zerurik gabeko zulo horretan gaua argizta zezakeen izarrik ez dela agertuko; barneratu du, bai, maitasuna mila iluzio apurtuez egindako ameskeria dela.